XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sati praktikatuko dutenei heriotz zigorra
New Delhi.

Sati praktikatuko dutenei heriotz zigorra edo bizi guztirako gartzela egotziko zaie indiar Parlamentuak arestian zutik jarri duen legearen arabera.

Erlijio indutarraren antzinako praktika da sati izeneko hau: senar hilarekin batera erretzen dute bizirik berorren alarguna.

Joan den irailean, Indiako Rajasthan Estatuan, Deorala deritzan herriskan alarguntsa gazte bat horrelaxe sakrifikatu zuten.

Honen berri garratza zabaldu zenean, jende askok protesta bizia jo zuen, honelakorik inola ere ezin onartuz.

Jendearen protesta hauei kasu eginez jarri du zutik lege berria indiar Parlamentuak.

Honelako praktikak guztiz bukaturik zirela uste zenean berriro arraberritu nahi izan dituzte Deorala herrian, hiritarrak kezkaraziz, esan du Gobernuaren bozeramaleak.

Irailean praktikatu zen sati horretan Roop Kanwar, hemezortzi urteko alarguntsa gaztea eraman zuten sutara.

Bere borondatez edo gogoz joan zela txondarrera esan zen momentu berean, baina geroztik garbi jakin izan denez, etxekoek eta komunitatekoek behartu zuten horretara; tartean arrazoi edo motibo politikorik eta erlijiosorik ere izan omen zen.

Erlijioso hindutar fundamentalisten oposizioari kasu izpirik egin gabe sati praktikaren kontrako lege zorrotza onarturik zuen Rajasthan Estatuko Gobernuak.

Baina fanatismoak eraginda aurrera jo zuten fundamentalista taldekoek.

Nork berak badu bere erlijioari eusteko eskubidea, guztiz errespetatu behar dena bestalde, esan dute taldekoek, eta, lege horrek erlijiosoak guri agintzen diguna zapaldu egiten du.

Hemeretzigarren mendearen, hasiera arte bizitza oparoa izan zuen sati praktikak.

Garai hartan Britainia Haundiaren menpean zegoen India.

Zenbait erreforma berriren bitartez britainiar Gobernuak debekatu egin zuen Bengala eta Madras Estatuetan.

Geroztik praktikatu izan da inoiz behin, baina oso gutxitan.

Ez zen uste gehiago praktikatuko zenik.

Eta horra non irailean sutara eraman zuten hemezortzi urteko alarguntsa gazte malurusa, dirudienez indarka.

Berria zabaldu zenean, progresoaren kontrako krimentzat jo zuten indiar gehienek.

Deepa Ghosh, Indiako Alderdi Komunistaren (marxista) eta Erakunde Femeninoen Federakunde Nazionaleko gidariak aditzera eman duenez, agiri historikoekin ederki froga daiteke alarguntsak gehienetan drogatuta eta behartuta eramaten zirela sutara.

Legeak, batez ere, hau eta beste agintzen du sati delakoa praktikatu nahi duten alarguntsen kontra.

Alarguntsok ez baizik horretara behartzen dituzten gidari erlijiosoak sartu behar dira auzitan, esan du Deepa Ghosh gidariak.

Ongizateari eta, batez ere, emakumezkoen arazoei dagozkien legeak gehienetan harrapataka hartzen direla Indian, esan du Mukherhee parlamentari emakumezkoak, behar besteko garrantzirik eman gabe sarritan.